XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Herriko geografia: Itsasoa /Geografía de Euskal Herria el Mar MIGUEL IBAÑEZ.

Gaurko Euskal Herria osatzen duten harkaitzek itsasoan izan zuten beren antzinako jatorria; sedimentazio-prozesu geldian zehar materialak metatzen joan eta une jakin batetan azaleraturik eta indar tektonikoen eraginez tolestaturik, gaurregungo bere geografia osatzen duten mendi eta haranen erliebeari sorrera eman zion itsaso mesozoiko edo zenozoikoan hain zuzen.

Aldi berean, lehen kontinentea erauzi egin zen eta Hego Amerika Afrikatik berezteak, Ibero-armorikar multzoaren zatiketa ekarri zuen ondorioz, gaur egungo Bizkaiko Golkoa sortuz.

Milioika urte iragan ondoren eta ordurako jadanik gizakia lurralde hauetan bizi zelarik, klima hoztu egin zen, mendiak izotz eta elurrez estali ziren eta itsasoa gune on bat barneratu egin zen.

Une honetan eta antzina ugaria zen ehizaren eskasia dela bide haitzuloetako gizakia, gure urruneko arbasoa, itsas-animaliak kontsumatzen hasten da eta marisko-bilatzaile lehenago bilakatzen da nekazari baino.

Lehen kulturak sortu eta oraindik ere mende asko iragan beharko dute lur honetako biztanleek nabigazio-abentura aurkitu arte.

Erdi Aroan kostalde europarra birrindu eta hurrupatu zuten pirata normandiarrengandik etxeratutako teknika berriak hartuz, euskaldunak, itsasgizon iaio bilakatuko dira eta milia asko ibiliko dira abentura gogorretan balearen eta makailoaren bila, ibiltze horretan kostalde kanadarra eta ipartarra ere iritsiz eta Europako Iparraldeko herriek zenbait mende lehenago bortxakeriaz egindako ikustaldiak bakez itzuliz.

Itsas-merkataritza, gerra eta kortso, nahiz arrantza, Euskal Herriari lotuak joango dira une honetatik aurrera eta zori hobe ala txarragoz horrela jarraituko dute Historiako gertakariei jarraiki.

Abentura-izpirituak eta itsas-gizonen ausardia eta fiertasunak, ez zuen zoritxarrez baliokiderik izan zientzi alorrean eta horrela, beste lurralde europar batzutan zientzi kezkak aurrera dagien eta neurri batetan aurkikuntzen antzinako menturaren zuzia nolarebait jasotzen duen bitartean, Euskadin, itsas-ezagutzan egindako aurrerapenetatik at bizitzen da denboraldi luzeegian, horiek kasu honetan, zientzia berri baten eskutik zetozelarik: Ozeanografiarenetik hain zuzen ere.

Hasikin gisa eta mende honen hasieran, halako beretasun bat nabari da eta Gipuzkoako Ozeanografi Elkartearen sorkuntzan mamitzen da, beste instituzio europar batzuren imitazio gisa, baina azken hamarkada hauetan jasandako erakundeengandiko utzikeriak, munduko beste alderdietan lortutako aurrerapenetatik geroz eta gehiago urruntzea ekarri du.

Alderantziz, izpiritu praktikoak, arrantzako industria gorantz joatea ekarri du eta goi-mailaraino joan ere, baina E.E.E.ko Estatuen aldetik eskumeneko uren mugak berrehun milietan ezartzeak, pikutara bidaliko du euskaldunen arrantzagintza, izan ere historikoki ur horietan egin ohi izan bait du euskal arrantza-flotak bere arranketa nagusia.

Beraz, itsas-baliabideen zientzi alorreko azterketetan berreskuratu behar da galdutako denbora.

Gaur egun gure urei buruz dakigun gehientsuena, atzerriko zientzilariek aztertua da (frantsesek gehienbat zeren eta beren garaian, ozeanografi ikerkuntza bultzatu eta garatu bait zuten berehalako interes praktikodun zientzia gisa.

Euskal Herriko kostaldea, bere plataforma kontinentalaren hedadura mugatua dela eta baliabide naturaletan aberatsegia ez bada ere, oso interesgarria da (eta ezezaguna) zientzi ikuspuntutik eta leku jakinetan, baliabide propioen ustiapen ikuspuntutik eta leku jakinetan, baliabide propioen ustiapen arrazoitsuaren bidez egokienen bilaka daitekeen arrain-aberastasuna gordetzen du, hori beti ere ordea, baliabide horien ezagutza sakon eta egokian oinarriturik egin behar.

Hau da beraz datozen urteetan gainditu behar den apustua, abentura eta aurkikuntz lana eta beren neurri eta eskalan, aspaldiko garai joanetan egindako aurkikuntza handiei ezertxo ere zor ez diena.

(Itz.:Andoni SARRIEGI).